2008/10/27

Isaac el pirata

Christophe Blain
Isaac el pirata
Norma

Oraingoz 5 liburuxkek osatzen dute abenturazko komiki hau. Bertan Isaac izeneko erdipurdiko margolariak bere jaioterria (Paris) eta neska (Alice) utzi behar izaten ditu diru ezak bultzatuta eta Ameriketara dioan itsasontzi batean sartzen da bidaian ikusten duena (itsasontzia, marinelak ...) margotzeko. Baina pirata batzuk asaltatzen dituzte eta orduan hasten da benetako abentura.

Abenturazko generoan ohikoak diren ezaugarriak ditu komiki honek: lapurretak, altxorrak, hilketak, amodioa, emakumeak, umorea ... Gainera, istorioa XVII. mendean kokatzen da eta oso ondo erakusten dizkigu garaiko arropak, hiriak, itsasontziak ...

Komiki honek Angoulemeko Komiki Hobenaren saria jaso zuen 2002. urtean.

2008/10/15

Liburu elektronikoak

Orain arte inor gutxik ikusi edo erabili ditu liburu elektronikoak baina jada merkatuan daude eta gero eta aukera handiagoa dago erosteko (Iliad, Kindle, Cybook, Sony Reader, ...) . Bere abantailei esker (liburuak internetetik jaisten dira, merkeak dira, leku gutxian liburu asko sartzen dira, ez dira agortzen ...), azken aldian egin diren hobekuntza teknikoengatik (tinta elektronikoa ...) edo kultura digitala inposatzen ari delako denbora gutxi barru paperezko liburuari lekua jango diola diote (ikusi El Paisek dioena).

Liburu hauek (iRex iLiad markakoa zehazki) nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten jakin nahi baduzu, ikusi bideoa

2008/10/09

Ipuin kontalaria

Datorren asteazkenean, urriaren
15ean, arratsaldeko 5:30ean
ipuin kontalari saio berri bat
izango dugu kultur etxean
4-8 urteko haurrentzat.
Lur Kortak "Enara dantzan" saioa eskainiko
digu, bertan txoriak izango direlarik
protagonista.


Oharra: haurrak bakarrik sartuko dira saiora

2008/09/26

Galtzakomik komiki lehiaketa 2008

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean IBARRA GALTZAKOMIK 08 komiki lehiaketa antolatu du. Hemen duzue oinarrien laburpen bat, informazio gehiago nahi izan ezkero deitu 943655004 telefono zenbakira, idatzi kultura@galtzaundi.com-era edo sartu www.galtzaundi.com web gunean.

OINARRIAK
  • Edozeinek har dezake parte lehiaketan, bakarka eta bi kategorietan; 18 urtetik beherakoentzat, bata, eta 18 urtetik gorakoentzat, bestea.
  • Komikietako gaia librea izango da, baina ez da onartuko eduki bortitz, sexista edo arrazista duen komikirik, ezta intolerantziazko jokabiderik eragin dezakeen gairik ere.
  • Pertsonai guztiak jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dira, hau da, autoreak berak sortutakoak.
  • Lehiaketan jatorrizko lanak aurkeztu behar dira eta baita ordenagailuaren bidez sortu edo tratatuak izan direnak ere.
  • Saridunak erabakitzeko epaimahaia osatuko dutenak Joseba Antxustegietxarte , Juanba Berasategi, Asisko Urmeneta, Iñaki Martiarena Mattin, Frantzisko Jabier Etaio, Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron eta Kike Amonarriz izango dira.
MODALITATEAK ETA HIZKUNTZA
  • Lanak zuri-beltzean edo koloretan aurkeztu ahal izango dira euskaraz.
NOLA AURKEZTU
  • Autorearen izena ez da ikusgai egongo eta gutun-azalean aurkeztuko dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak (izena, telefono zenbakia, lanbidea, adina eta helbidea) beste gutun-azal batean aurkeztuko dira, izenburu berarekin. Bigarren gutun-azal hau lehenengoan sartuko da.
NOIZ ETA NOLA AURKEZTU
  • Lanak azaroaren 26ra arte aurkeztu ahal dira Galtzaundiren Tolosako egoitzan edo postaz helbide honetara bidaliko dira:
Galtzaundi Euskara Taldea
"Ibarra Galtzakomik" komiki lehiaketa
Nafarroa Etorbidea, 6 Behea
20400 Tolosa (Gipuzkoa)

KATEGORIAK
  • Komikiak: 18urtetik behera
  • Komiki banda: 18 urtetik gora
SARIAK
  • Bi sari egongo dira maila bakoitzeko; 18 urtetik beherakoen lehen saria 400 euro eta argitalpena paperean eta web gunean eta bigarrena 200 euro. 18 urte gorakoen lehen saria, aldiz, 600 euro eta argitalpena paperean eta web gunean eta bigarrena 400 euro.

2008/09/10

Onddoak eta perretxikoak II

Onddo eta perretxikoei buruzko iazko sarreraren ondoren hemen dator bigarren zatia. Iaz jarri ez nituen liburuak eta liburu berriak azaltzen dira bertan.


Euskal Herriko onddoen gida
[egilea, Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saila
[Andoain] : Berria, L.G. 2007

110 perretxiko ezagunei buruzko informazioarekin. Perretxiko guztien fitxak dakartza liburuak, argazkiak eta guzti. Fitxa horietan, perretxikoen ezaugarriak azaltzen dira, nola bildu, gordetzeko teknikak, intoxikazio arriskuak...


Otras 50 setas comestibles
Ramón Mendaza
Donostia: Noticias de Gipuzkoa, 2007

Perretxikoei buruz jakin nahi duzuena 50 fitxetan laburtuta eta argazkiekin.



La cocina de las setas
José Antonio Muñoz Vivas
Bilbao : Ttarttalo, D.L. 2001

José Antonio Muñoz Vivasek zaletuen artean interesgarrienak diren 33 perretxikoen laburpena egiten du. Hasteko perretxiko bakoitzaren fitxa bat egiten du bere ezaugarri nagusiekin eta gero sukaldean prestatzeko errezeta batzuk ematen dizkigu.

Mil setas ibéricas
Roberto Lotina Benguria
[Bilbao] : Bizkaiko Foru Aldundia : = Diputación Foral de Vizcaya , D.L. 1985

Mikologiaren klasiko bat da liburu hau. Iberiar Penintsulako 1000 perretxiko aztertzen ditu
bi atal nagusitan banaturik: Alde batetik perretxikoei buruzko orokortasunak eta bestetik bere sailkapen, deskribapen eta azterketa ilustrazio interesgarriz betea.

Caramel

Izenburua: Caramel

Nazionalitatea: Frantzia/Libano

Generoa: Komedia

Ekoizpen urtea: 2007

Zuzendaria: Nadine Labaki

Antzezleak: Yasmine Al Masri ...

Iraupena: 94'


Bost emakume Beiruteko apaindegi batean elkartu ohi dira, osotara kolorista eta sentsuala den mikrokosmos batean, belaunaldi ezberdinak elkarrekin gurutzatu eta bata besteei era guztietako konfidentziak eginaz. Layalek Rabih maite du, gizon ezkondua da ordea. Nisrine musulmana da eta arazo bat dauka laster izango den bere ezkontzari begira: dagoeneko ez da birjina. Rima aztoratuta dabil emakumezkoek erakarrita sentitzen delako eta ile luzedun bezero eder batek apaindegia noiz bisitatuko urduri dabil. Jamelek ez du zahartu nahi. Rosek bere bizitzari uko egin dio bere ahizpa zaharragoa zaintzeko. Apaindegian, gizonak, sexua eta amatasuna dira euren hizketaldien mintzagai nagusiak, ile-mozketen eta karamelu bidez egindako depilazioen artean. (Donostiako Zinemaldiko Orrialde Ofizialetik hartutako testua)


Gerran ez dagoen Libanoko eguneroko errealitatean oinarritutako film fresko, femenino, samur eta humoretsu honek 2007ko Donostiako Zinemaldian Publikoaren eta Gazteriaren sariak irabazi zituen.


Hau da filmaren trailerra



2008/07/29

Jendaurrean hizlari. Joxerra Garzia

Oraingo honetan, eta lehenengo aldiz, sarrera hau liburutegiko irakurle batek eginikoa da (eskerrik asko Luisan). Zuetariko batek liburutegiko liburu, CD edo DVD ezberdinen kritika edo komentarioren bat egin nahi badu, jarri liburuzainarekin harremanetan.



Joxerra Garzia
Jendaurrean hizlari
Alberdania


Mardula izanda ere, erraz irakurtzen den liburua da. Hizkuntza maisuki erabiltzen du Garziak eta horrek arintzen du gaiak izan zezakeen zama. Gaia jorratzeko erabiltzen duen egitura argia, proposatzen dituen ariketak eta taulak eta eskaintzen dituen hizkuntzaren inguruko ereduak eta bibliografia osagarriak lagungarri dira liburua gustura irakurtzeko.


Jendaurrean hizlari da liburuaren izenburua, jendaurrean azaltzeko eta hitz egiteko ditudan zailtasunak gainditzen hasteko jo dut liburu honetara. Eta, iruditzen zait, jendaurrean hitz egiteko landu eta ezinbestekoa den atal bat, idatzizkoa, landu duela, batez ere, Garziak. Bai zabalkuntzan, bai sakontasunean, idatzizko atala da gehien jorratzen duena. Jendaurrekoa ez du sakontasun berdinarekin aztertu eta, batez ere, jendaurreko egoera egituratuetan jartzen du arreta (irrati saioak, bertso saioak, multzo handi baten aurrean egin beharreko lanak). Hala eta guztiz ere, ziur nago irakurle guztiak, praktikotasun handiko gauza bat edo bestea, aurkituko duela liburu honetan. Nik gauza asko ikasi ditut behintzat.


Luisan

Tannöd, el lugar del crimen


Andrea Maria Schenkel

Tannöd, el lugar del crimen

Destino


50. hamarkadan, II. Munduko Gerratea pasa ondoren lasai bizitzen hasi den Alemaniako herri txiki batean izugarrizko hilketa gertatzen da: Danner-tarrak (gurasoak eta seme alabak) eta zerbitzaria erailda azaltzen dira beraien baserrian. Benetako gertaera honetan oinarrituta, idazleak poliziarik edo detektiberik agertzen ez den nobela beltz bat egiten du, herriko bizilagunei egindako elkarrizketen bidez jakingo dugularik nolakoak diren nekazal giroko herri honetako biztanleak eta zein den hiltzailea.

Erraz irakurtzen den nobela honek izugarrizko arrakasta izan zuen Alemanian eta sari batzuk ere (Friedrich-Glauser 2007 saria ..) jaso ditu.