2018/06/26

Komiki berriak euskaraz

Zubigileak
Alfonso Zapico
Astiberri

2016ko neguaren lehen egunean, Eduardo Madina eta Fermin Muguruza Irunen elkartu ziren. Aitzakia Jot Down magazinerako elkarrizketa bat izan zen, baina edozein estakuru izan zitekeen egokia bi euskaldun horiek, bizi-ibilbide itxuraz oso desberdinak izan dituzten bi euskaldun horiek, elkartzeko. Madina –2002an ETAren atentatu batetik bizirik atera zen politikari sozialista– eta Muguruza –Kortaturen lider historikoa eta Euskal Herriko musikaren erreferentzietako bat– solasean aritu ziren kafe baten aurrean, Alfonso Zapico marrazkigileak une haren potreta bere koadernoan jasotzen zuen artean. Zirriborro haiek izan ziren Zubigileak albumaren hazia. Euskal gazteen zenbait belaunaldiren narrazioa da albuma, zuri beltzean marraztu beharreko historia.

Gaurko munduak, egunero hesi bat gehiago altxatzen ikusten duen mundu honek, zubi gehiago behar ditu. Eta zubien kontakizun bat da hau, zubigileena, bat bera den jendarte baten ertz biak lotu nahi dituzten pertsona horiena. Alfonso Zapico komikigile eta narratzaileak “gatazken marrazkigiletzat” du bere burua. “Ez dago gatazkarik hemengo hau bezain zaila ulertzen, eta kontatzen. Hau bezain ankerrik, barne xehetasun txiki horietan; hau baino isiltasun mingarriagokorik. Euskadiko urte beltzak marraztea zapatak putzu batean lokaztea da. Zergatik egiten dudan? Jakin minagatik, bokalea ikusteko gogoagatik. Beharbada, putzu hori bada, jada, bokalea”, dio egileak, Claudio Magrisen hitzak hartuta.




Gerezi garaia: Lucio Urtubiaren bizitzari buruzko eleberi grafiko bat 
Belatz
Txalaparta

Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Belatzek luze galdekatu du Lucio hainbestetan kontatutako pasadizoen inguruan, ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko. Hala, bada, cascantearraren biografo ofizial bihurturik, ezagutzen genituen abenturak eta ezagutzen ez genituen beste hainbat pasadizo ere kontatuko dizkigu irudigile iruindarrak. Euskaraz estreinakoz, Cascanten emandako haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziei iskintxo egiteko asmatutako trikimailuak, familia-kontuak, Citibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga-zeharkaldiak… Guztia edo ia guztia kontatuko digu Luciok akzioz eta ekintzaz betetako orri hauetan. Izan ere, anarkista menderaezin honek dioen bezala: «Ezer egiten ez duen iraultzaile bat apaiz bat besterik ez da».