2010/03/26

Haur eta gazteentzat liburu eta DVD berriak

Hemen dituzue liburu eta DVD berri sorta bat udaberrian irakurri eta ikusteko


Your pictures and fotos in a slideshow on MySpace, eBay, Facebook or your website!ikusi irudi guztiak

2010/03/23

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna 2010

Hans Christian Andersenen jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu guztian. Aurtengo mezua Eliacer Cansinok idatzi du eta kartela Noemi Villamuzak egina da. Euskarazko itzulpena berriz, Nagore Tolosa Ustoarena da.

Hau da aurtengo mezua:



ZAIN DUZU LIBURU BAT; BILA EZAZU!


Bazen behin

itsasontzi txiki-txiki bat,

nabigatzen ez zekiena,

nabigatu ezin zuena.

Bat, bi, hiru,
lau,
bost, sei aste igaro ziren,

eta itsasontzi txiki hark
nabigatu egin zuen.

Jolasten lehenago ikasten da irakurtzen baino. Eta kantatzen. Herriko haurrok kantu hori
kantatzen genuen artean gutariko inork irakurtzen jakin ez arren. Kalean bildu, biribilean jarri eta, udako kilkerren ahotsekin lehian, behin eta berriz kantatzen genuen nabigatzen ez zekien itsasontzi txiki haren ezintasuna. Batzuetan paperezko itsasontzi txikiak egiten genituen eta putzuetan jarri, eta itsasontzi txikiak urperatu egiten ziren itsasertzera iristea lortu baino lehen. Ni ere auzoko kaleetan ainguratutako itsasontzi txiki bat nintzen. Arratsaldeak teilatu-lauan ematen nituen eguzkia mendebaldean nola ezkutatzen zen begira, eta sumatzen nuen urrun (artean ez nekien espazioan urrun edo bihotzean urrun ote zen), nire begiek ikusten zutenaz haratago, mundu zoragarri bat zegoela. Etxeko armairu batean, kaxa batzuen atzean, bazen liburu bat ere nabigatu ezin zuena, inork ez baitzuen irakurtzen. Auskalo zenbat aldiz igaroko ote nintzen haren ondotik han zegoela konturatu gabe. Paperezko itsasontzia, ez atzera ez aurrera, lokatzetan; liburu bakartia, ezkutuan apaletako kartoizko kaxen atzean. Behin, nire eskuak, zerbaiten bila zebilela, liburuaren bizkarra ukitu zuen. Liburua izango banintz honela kontatuko nuke: “Behin, haur baten eskuak azala ukitu zidan, eta haize oihalak zabaltzen hasi zitzaizkidala eta nabigatzen hasi nintzela sentitu nuen”. Hura bai ezustekoa objektu hura begien aurrean nuelako azkenean! Liburu txiki bat zen paper ore gorriak eta urre koloreko filigranak zituena. Ikusminez ireki nuen, kutxa bat aurkitu eta barruan zer dagoen jakiteko irrikan dagoenak bezala. Eta ez zen gutxiagorako izan. Irakurtzen hasi bezain laster ohartu nintzen aurrez aurre nuela abentura: protagonistaren ausardia, pertsonaia onak, gaiztoak, behin eta berriz begiratzen nituen ilustrazioak orri oinetan esaldiak zituztenak, arriskua, ezustekoak…, guzti-guztiak mundu zirraragarri eta ezezagun batera eraman ninduen. Horrelaxe jakin nuen gure etxetik haratago ibai bat zegoela, eta ibaiaren atzean itsaso bat, eta itsasoan itsasontzi bat noiz itsasoratuko zain. Hartu nuen lehenengoak La Hispaniola zuen izena, baina berdin-berdin izango zen Nautilus, Rocinante, Simbad-en itsasontzia, Huckleberry-ren gabarra izan baziren ere,… Horiek guztiak, nahiz eta denborak aurrera egin, hor izango dira haurren baten begiek euren haize oihalak noiz zabalduko eta abiaraziko zain. Horixe ba… ez ezazu gehiago itxaron, luzatu eskua, hartu liburu bat, ireki, irakurri: ikusiko duzu, nire haurtzaroko kantuan bezala, ez dagoela laster batean nabigatzen ikasten ez duen itsasontzirik, txiki-txikia izanagatik ere.

Eliacer Cansino

Mezua estatuko beste hizkuntzetan irakurri nahi baduzu, klikatu hemen