2010/12/11

Euskal liburuzainen adierazpena

Haserre eta aztoratuta gaude. Kontua hasi zen espainiar prentsak («El Mundo», «La Razón») argitaratu zuenean Euskadiko zenbait liburutegitan Xabier Makazagaren «Manual del torturador español» liburua zegoela (Txalaparta, 2009). Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak galdera bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Kulturako sailburuari zuzendua, liburu hori Euskadin zenbat liburutegik zuten jakinaraz zezan. Gaiak okerrera egin zuen Basauriko PSEko alkateak, Loly de Juanek, liburua udal-liburutegitik kentzeko agindu zuenean. Afera horren aurka berehala erantzun zuten, publikoki, hala argitaletxeko zuzendari Jose Mari Esparzak nola liburuaren egile Xabier Makazagak.

Liburuzainok kezkatuta gaude zentsura-kasu honengatik, eta salatu egin nahi dugu, adierazpen honen bitartez, aurrerantzean politikoak arlo profesionaletan sar ez daitezen. Amaierarik gabeko zerrenda egin genezake legeekin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin, Unescoren adierazpenekin eta liburuzainen elkarteen (Aldee, Joana Albret, Asnabi) eta nazioarteko antolakundeen agiriekin, eta denetan baieztatzen eta bermatzen da «Gizabanako guztiek dutela iritzi- eta adierazpen-askatasuna eta eskubide horrek barne hartzen duela erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa». Liburutegi publikoetako funtsek eta zerbitzuek «ez dute inongo zentsura ideologiko, politiko edo erlijiosori loturik egon behar, ezta presio komertzialei ere», eta egunkari osoak bete genitzake baieztapen horiek babesten dituzten orrialdeekin.

Baina zertarako? Hori guztia idatzita dago jada eta, agerian uzteaz gain, lotsagarri uzten ditu proposatzen dutena ere egiteko gauza ez diren horiek adierazpen honen amaieran, liburuzainok liburutegi publikoen aldeko aldarria egin nahi dugu, bertan zentsurazko jarrerek ez baitute lekurik, askatasunaren eta aniztasunaren esparru direnez gero. Asnabiko (Nafarroako Liburuzainen Elkartea) adierazpenak zioen moduan: «Ezinbestekoak diren zainketen artean liburutegi publikoen ezaugarrien hausnarketa egitea da». Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna: «Hiritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso ehun berezi batez eginak dira, sal-erosgai ez den ehun batez eginak. Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe eta ez da sekula ehun zentsuratzaile izanen. Horren iragazkor izatean eta bere bukaezinezko zabaltasunean datza bere handitasuna».

104 euskal liburuzainen izenean

2010/12/02

Asel Luzarragaren "Utopiaren itzalak"

Asel Luzarraga
Utopiaren itzalak
Txalaparta

Amaren suizidioaren ostean, Josuk, Eskorbuto taldeko izenkide miretsia hiltzen den egun berean, desintoxikazio zentroa utzi eta familian enpresari aberats eta eszentriko fama duen osaba Arturren etxera doa berarekin lan egitera. Berehala kolokan geratuko da osabaz duen irudia eta, lanean murgildu ahala, konturatuko da Arturrek badituela bestelako idealak eta bestelako enpresa-jarduerak. Hala bada, nobela honetako protagonistek, itzal batzuetatik besteetara joko dute, etorkizun hobe baten promesaren bila.

Hemen duzue Arantxa Iturbek idazleari liburu honi buruz eginiko elkarrizketa



Idazlearen beste liburu batzuk liburutegian:

2010/11/26

Abenduko liburu berriak

Hauek dira abendurako prestatu ditugun helduentzako eleberri berriak:

2010/11/19

De qué hablo cuando hablo de correr

Haruki Murakami
De qué hablo cuando hablo de correr
Tusquets

Japoniako idazlea bere nobelengatik da ezaguna baina oraingo honetan ez du eleberririk idatzi, bere memoriak baizik.

1982an, bere jazz denda itxi eta idaztetik bizi behar zuela erabaki zuenean, korri egiten ere hasi zen. Hurrengo urtean bere lehen maratoia egin zuen (Atenas - Maraton mitikoa) eta gero beste batzuk etorri ziren betiere "mina ezinbestekoa da, sufrimendua hautazkoa" esaldiarekin bat eginez. Liburuan aktibitate honek bere bizitzan eta idazkeran izan duen garrantziaz eta eraginaz gain entrenamendu gogorrez, hobetzeko irrikaz, bisitatutako lekuez edo gogoko musikaz ere idazten du.

Idazle honen liburu gehiago ere baditugu liburutegian:

2010/11/11

Cd berriak

Azken aldian liburutegirako erosi ditugun CD ezberdinetako kanta batzuk entzuteko eta bideoak ikusteko aukera duzu hemen



2010/11/10

Fikzioaren izterrak

Ur Apalategi
Fikzioaren izterrak
Susa

Iban Zaldua idazlearen arabera urteko libururik onenetakoa da ipuin liburu hau, ipuinak borobilak direla goraipatu du, eta Bernardo eta Ramon titulupekoa liburuaren “singletzat” jo du, disko batekin alderatuz.

7 ipuinez osatutako liburuan 2 gai nagusi jorratzen ditu idazleak, bikote harremanak eta euskal literatura (idazleak, krikika, sariak ...), denak fikziozkoak dira baina errealitatetik oso gertu daudenak.

Hemen duzue Sautrela saioan duela gutxi egin dioten elkarrizketa


2010/11/05

Ipuin kontalari saioa

Datorren asteartean, azaroaren 9an, arratsaldeko 17:30ean ipuin-kontalari saio berri bat izango dugu Ibarrako kultur-etxean Ines Bengoaren eskutik.

Saioa 5-8 urteko haurrentzat izango da eta bertara haurrak bakarrik sartuko dira.