Haserre eta aztoratuta gaude. Kontua hasi zen espainiar prentsak («El Mundo», «La Razón») argitaratu zuenean Euskadiko zenbait liburutegitan Xabier Makazagaren «Manual del torturador español» liburua zegoela (Txalaparta, 2009). Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak galdera bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Kulturako sailburuari zuzendua, liburu hori Euskadin zenbat liburutegik zuten jakinaraz zezan. Gaiak okerrera egin zuen Basauriko PSEko alkateak, Loly de Juanek, liburua udal-liburutegitik kentzeko agindu zuenean. Afera horren aurka berehala erantzun zuten, publikoki, hala argitaletxeko zuzendari Jose Mari Esparzak nola liburuaren egile Xabier Makazagak.
Liburuzainok kezkatuta gaude zentsura-kasu honengatik, eta salatu egin nahi dugu, adierazpen honen bitartez, aurrerantzean politikoak arlo profesionaletan sar ez daitezen. Amaierarik gabeko zerrenda egin genezake legeekin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin, Unescoren adierazpenekin eta liburuzainen elkarteen (Aldee, Joana Albret, Asnabi) eta nazioarteko antolakundeen agiriekin, eta denetan baieztatzen eta bermatzen da «Gizabanako guztiek dutela iritzi- eta adierazpen-askatasuna eta eskubide horrek barne hartzen duela erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa». Liburutegi publikoetako funtsek eta zerbitzuek «ez dute inongo zentsura ideologiko, politiko edo erlijiosori loturik egon behar, ezta presio komertzialei ere», eta egunkari osoak bete genitzake baieztapen horiek babesten dituzten orrialdeekin.
Baina zertarako? Hori guztia idatzita dago jada eta, agerian uzteaz gain, lotsagarri uzten ditu proposatzen dutena ere egiteko gauza ez diren horiek adierazpen honen amaieran, liburuzainok liburutegi publikoen aldeko aldarria egin nahi dugu, bertan zentsurazko jarrerek ez baitute lekurik, askatasunaren eta aniztasunaren esparru direnez gero. Asnabiko (Nafarroako Liburuzainen Elkartea) adierazpenak zioen moduan: «Ezinbestekoak diren zainketen artean liburutegi publikoen ezaugarrien hausnarketa egitea da». Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna: «Hiritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso ehun berezi batez eginak dira, sal-erosgai ez den ehun batez eginak. Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe eta ez da sekula ehun zentsuratzaile izanen. Horren iragazkor izatean eta bere bukaezinezko zabaltasunean datza bere handitasuna».
104 euskal liburuzainen izenean
No hay comentarios:
Publicar un comentario