2016/03/01

Amama



Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egite bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama.

Baserria mundu oso bat da, berezko bizimodu, jakinduri eta balioekin. Baserria antzinako kultura eta memoria baten oinordeko da.

Baserria mundu ase bat da, bere baitatik bizi dena. Baserria babesa da, lur eta bizimodu batera lotzen zaituen soka. Baina baserria katea ere bada, jaiotzez dagokizuna ez beste izatea galerazten dizuna.

Baserria antzinako mundu bat da, bere horretan gure begien aurrean badoakigun mundu bat. Baserria kalearekin talkan, ahitzen ari den mundu bat da.

Baserria familia da, sustraiak mende luzeetan oso sakon dituena. Familia mundu zaharra eta berria talkan sartzen diren gunea da, gurasoen eta seme-alaben arteko etena ematen den lekua.

Tomas eta Isabelen hiru seme-alabak mundu zahar eta berriaren arteko barne borroka betean bizi dira. Nola kaletartu baserria ukatu gabe, nola askatu baserritik soka erabat eten gabe, nola hautatu zer izan nahi duzun familia traizionatzen duzula sentitu gabe. Nork bere bidea aukeratuko du. Anaia zaharrenak umorean ezkutatuko du bere mina; gazteenak atzerrira egingo du. Eta, alaba, Amaia, baserrian geratuko da, eta bere baitan borrokan bizi diren bi munduak uztartzeko sorkuntzaren bideari helduko dio. Baina sortzeko hautsi egin beharko du, hautsi baserriarekin, hautsi aitarekin. Eta zauriak eragin, eta soka eten.


Eta, bi munduen arteko gatazkaren lekuko mutu, amama. Mutu, baina ez isil. Guztiei begira. Bere begiradak gainbeheran doan munduari eta sortu nahi duen berriari zentzua eman nahiko balio bezala.


No hay comentarios:

Publicar un comentario