Munduko bandarik txarrena
Jose Carlos Fernandes
Txalaparta
Bizitza arruntaren aurrean dorpe eta ezgai sentitu arren xehetasun
hutsalekin gozatzeko gaitasun mugagabea duzun horietakoa bazara,
ezinezkoa izango zaizu komiki honekin ez maitemintzea. Izan ere, bada
Nabokovi kasu gehiegi egiten dionik: detaileak laztantzearen laztantzez,
detaile horiek zeren parte diren ahazteko arriskua daukagu. Patologia
hori pairatzen dute Fernandesen pertsonaietako askok, eta patologia
horrek ditu, paradoxikoki, erredimitzen. Asmatikoa izatea egun osoko lan
ote den ala ez galdetzen diete euren buruei, iraultzaile ezinduak dira,
erudiziorik zentzugabeenaren atzaparretan erori ondoren Stockholmeko
sindromea nozitzen duten estetak.
Artista ezinezkoak dira,
antiheroiak, beraz: patentatu ezin diren talentu eta makinen asmatzaile
nekaezinak, eta baita beren patuaren jakinaren gainean daudenak ere:
«Gaur egun ferietako barraketako ahateen antzekoa da artista: txartela
ordaindu duen edozein zirtzilek hari tiro egiteko eskubidea duela uste
du». Norbaitek pentsa lezake atsekabearen harra txertaturik dutela
Fernandesen pertsonaiek. Etsipena, diozue? Adorerik eza dela haietako
askoren ezaugarri behinena? Bai eta ez. Nondik begiratzen den, agian ez
da zehazki horrela: beharbada, koldarren «barrura-begirako-adore» horren
jabe dira –hain abisala eta hain prestigio gabetua dagoena garaiotan–.
Honenbestez, irakurle, hemen daukazu kriminal-mental saldo bat,
literatura ona egitea ilea sutan duzula xakean jokatzea dela dakiena.
Izan ere, Munduko bandarik txarreneko kideak krimenik lazgarrienak eta
asmakizunik ederrenak egiteko gai lirateke, baldin eta jakingo ez balute
horrek guztiak ez duela ezertarako balio. Desesperatuen kortesia da
ironia, egia. Baina izan liteke aske izateko doako pasaportea ere. Esku
artean duzu bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario