2009/04/28

Altxor uhartea

Altxor uhartea
Robert Louis Stevenson
Elkar

Stevensonek 1883an argitaratu zuen liburua baina lehenago gazteentzako aldizkari batean argitaratua izan zen emanaldi ezberdinetan. Hala ere liburuak bere semeordeari kontatzen zizkion ipuinetan du jatorria, ipuin-kontaketa horietako baten uharte bat marraztu baitzuten eta hori izango zen gero Altxor uhartea izango zenaren oinarria.
Liburuaren protagonista Jim Hawkins gaztea da. Berak kontatuko digu nola bilatuko duten urruneko uharte batean Flint kapitain piratak urte askotan itsasontziak hondoratuz eta gizon asko hilez pilatutako altxor handia. Baina horretarako John Long Silver piratari aurre egin beharko diote Jim eta bere lagunek.
Eleberri honek izugarrizko eragina izan zuen ondorengo pirata istorioetan, hemen azaltzen diren elementu asko gero errepikatu egingo baitira: piraten egurrezko hanka, loro hiztunak, itsasontziko matxinadak, altxorra aurkitzeko mapa ...
Gazte eta helduek ondo pasatzeko eginiko abenturazko eleberria eta helduen munduan sartzera doan gazte baten istorioa dela esan dezakegu laburbilduz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario