2008/05/15

Chesil Beach. Ian McEwan

Chesil Beach
Ian McEwan
Anagrama

Edward eta Florence ezkondu eta Chesil Beach hondartzako hotel erromantiko batean pasa behar dute eztei-gaua. Biak oso ezberdinak dira: izaera, jatorria … baina gazteak dira eta elkar maite dute. Arazo bat baino ez dago: sexua.

Ian McEwanek 60. hamarkada hasierako Ingalaterra deskribatzen digu nobela motz honetan. Oraindik iraultza sexuala ez da gertatu eta gazteek ez dute informaziorik eta ezjakintasuna, inkomunikazioa, zalantzak eta beldurra dira nagusi sexu gaietan.

Idazlearen hamar nobelatatik hauek ditugu liburutegian:

- Sábado
- Expiación
- Amsterdam
- En las nubes

2008/04/28

El libro negro

Izenburua: El libro negro
Zuzendaria: Paul Verhoeven
Antzezleak: Carice van Houten, Sebastian Koch ...
Ekoizpen urtea: 2006
Nazionalitatea: Holanda
Generoa: Gerrakoa / abenturak

Paul Verhoeven zuzendaria bere herrialdera (Holandara) itzuli zen pelikula hau
filmatzera Hollywooden lan arrakastatsu batzuk egin ondoren (Desafio total, Instinto básico …). Filmak benetan gertatutako gertaeretan du oinarria: erresistentziako kideak eta aldi berean nazien kolaboratzaileak zirenen izenak zeuden “liburu beltz” bat omen zegoen II. Munduko Gerratean.

Filmak, naziek okupatutako Holandan bere familiaren heriotza mendekatzeko erresistentzian sartuko den emakume abeslari judutar baten istorioa kontatzen digu. Bere eginbeharra nazien kuartel nagusira sartzea izango da buruzagi nazi baten maitale bihurtuz, informazioa lortu eta bertan dauden presoei alde egiten laguntzeko. Baina planak huts egiten du traidore bat baitago erresistentziako kideen artean.

Zuzendariak abenturaz betetako film historiko bat egiten du, klasikoen xarma darion film bat, amodioa, traizioa, suspensea, abentura, espioiak … azaltzen diren film bat.

Filmaren trailerra



2008/04/22

Marjane Satrapi. Bordados

Marjane Satrapi
Bordados
Norma editorial

Persépolis bere lehen lanean Irango ayatolen garaia deskribatzen bazuen, Marjane Satrapiren bigarren liburu honetan Irango egunerokotasuna azaltzen zaigu: Iranen ohikoa da bazkalondoan, gizonezkoak siestan dauden bitartean, emakumeak tea hartzeko eta bere gauzez hitz egiteko biltzea. Komiki autobiografiko honetan (idazlea bera da protagonistetako bat eta bere oroitzapenetan dago oinarrituta) adin ezberdineko eta egoera sozial ezberdineko emakumeak azaltzen dira askatasun osoz era askotako gaiez mintzatzen: maitasuna, birjintasuna, derrigorrezko ezkontzak, gizonezkoak, emigrazioa … Emakumeek bizitzaz eta bere esperientziez hitz egiten dute eta elkarri entzuteaz gain, ondo pasatzen dute eta ekialdeko emakumeen egoeraren berri ematen digute.

2008/04/17

Lur Korta ipuin kontalaria


LIBURUAREN NAZIOARTEKO
EGUNA DELA ETA ...

Lur Korta ipuin kontalaria

"Ipuinekin jolasean" saioa
4-10 urteko haurrentzat

Apirilaren 22an (asteartean)

Benito Izagirre Kultur Etxean


Oharra: haurrak bakarrik sartuko dira saiora

2008/04/11

Lizz Wright. The orchard

Lizz Wright
The orchard
Verve Music

Georgian (Estatu Batuak) jaiotako abeslari honen hirugarren diskoa da hau. Bertan berak konposatutako abestiez gain, bertsio batzuk ere egiten ditu (Led Zeppelin, Ike & Tina …) eta orokorrean jazza beste estilo batzuekin nahasten duela esan daiteke, batez ere bere jaioterrian hain sustraituta dauden soula, bluesa eta gospelarekin, abesti goxo eta sakonak sortuz. Izan dituen laguntzaileak ere aipagarriak dira: Calexico taldeko Joey Burns eta John Convertino …

Bideoan "My heart" abestiaren zuzeneko bertsioa entzun dezakezu


2008/04/04

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna 2008

Urtero bezala, Hans Christian Andersen idazlearen jaiotza ospatzeko IBBYk (International Board on Books for Young People) Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du apirilaren 2an. Aurten Tailandiari egokitu zaio egun hau iragartzeko egiten den kartel eta mezua idaztea, Chakrabhand Posayakrit artista izan delarik hautatua horretarako.

Liburuek irakatsi egiten dute. Jakintzak gozamena ematen du

Irakurketaren bidez jakintza bilatzeak lehentasunezko tratua jaso behar du eta haurtzarotik sustatu behar den zerbait behar du izan.
Nire ustez, haur tailandiarrei, betidanik irakatsi zaie irakurketaren bitartez ezagutzeko desioa, eta irakurketa hau kultura eta tradizio batean oinarritu izan da. Gurasoak dira beraien lehenengo irakasleak, eta klerikoak, aholkulari nagusiak. Beraiek gidatu eta hezi dituzte haur txikienak bai intelektualki bai mentalki, hala munduko gaietan nolagai espiritualetan.

Horrela, koadro hau sortzeko, Tailandiako arbasoen ohituretan aurkitu nuen inspirazioa: haurrak hezteko ipuinak kontatzea, horretarako palmondo hostoetan idatziriko inskripzioak irakurraraziz. Palmondo hosto hauek, ondoren, esklusiboki gainean irakurri ahal izateko diseinatuta zeuden mahai txiki tolesgarri batzuetan ipintzen ziren.

Palmondo hostoetan idatzitako istorioek, orokorki, Budismoan izaten dute jatorria. Budaren bizitzaz eta jataken* istorioez mintzatu ohi dira, gazteen buruak jantzi eta beraiengan fedea, irudimena eta moraltasun zentzua sorrarazteko asmo zintzoarekin.

Chakrabhand Posayakrit
2006ko abenduaren 14a

*Tradizio budistak dioenez, jatakak Budaren aurreko bizitzetako pasarteak kontatzen dituzten istorioak dira. Istorio horietako protagonistak Budarena eta berarekin harremana duten beste pertsonaia batzuena egiten zuten gizakiak edo animaliak izan daitezke. Jataka batzuk animalia inteligenteen edo gizaki jakintsuen alegiak dira. Beste batzuk erreinu magikoetan bizi izan ziren heroien inguruko gauzak kontatzen dituzte. Eta beste batzuk antzinako poesiak dira edota brahmaneen eta ermitauen alegia sakratuak. Jatakak istorio liluragarriak dira.

Kartel ofiziala ikusi nahi baduzue, klikatu hemen


2008/03/28

El ardor de la sangre. Irène Némirovsky

El ardor de la sangre
Irène Némirovsky
Ediciones Salamandra, 2007


Irène Némirovsky “Suite Francesa” nobelarekin egin zitzaigun ezaguna eta ondoren bere nobelak argitaratzen edo berrargitaratzen hasi ziren. Kontakizun motz hau, 1937 eta 1942 artean idatzita dago eta inoiz ez da argitaratua izan gaur arte. Bertan garai horretako nekazal giroko herri frantses bat azaltzen zaigu, herri lasaia, itxia eta zoriontsua, inoiz ezer gertatzen ez den horietakoa gazte baten heriotza gertatzen den arte. Orduan azalduko dira gazte garaiko sekretuak, hain ondo gordeta zeuden kontuak betiere herriko bizilagunen konplizitatearekin.

Liburutegian idazle honen liburu hauek ditugu:

- Suite Francesa
- El baile
- Dantzaldia
- David Golder

2008/03/17

Pazko astea 2008

Urtero bezala, Kultura sailak Pazko Asterako antolatu dituen haurrentzako ekitaldien berri ematen dizuegu. Saio guztiak Ibarrako Kultur Etxean izango dira goizeko 11.30ean