Ibarrako Udal Liburutegiari buruzko informazioaz gain,liburutegiko nobedade (liburu, Cd, DVD) gomendagarriak azaltzen diren bloga
2012/03/22
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna 2012
2011/03/28
Haur Liburuaren nazioarteko Eguna 2011
Hans Christian Andersenen jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu guztian. Aurtengo Liburuak gogora ekartzen du mezua Aino Pervik idazle estoniarrak idatzi du eta kartela Jüri Mildeberg eta Jüri J. Dubovek egin dute. Euskarara Paúl Picadok itzuli du.“Arno aitarekin eskolara heldu zenerako eskolak dagoeneko hasita zeuden.”
Nire herrialdean, Estonian, mundu guztiak daki buruz esaldi hori. Horrela hasten da liburu bat. Liburuaren izenburua “Udaberria” da, 1912. urtean argitaratu eta Oskar Lutsek (1887-1953) estoniar idazleak idatzi zuena.
“Udaberria” liburuan, XIX. mendearen amaierako Estoniako herri baten landaeskola bateko haurren bizitza azaltzen da. Oskar Lutsek eskolan izandako urteei buruz idatzi zuen. Egia esan, Arno, Oskar Luts bera da haurra zenean.
Ikertzaileek dokumentu zaharra aztertzen dituzte eta, haien arabera, historia liburuak idazten dituzte. Historia liburuetan, noizbait gertatu diren gertakariei buruz hitz egiten da. Historia liburuetan ez dugu ongi ulertzen garai hartako jende arruntaren bizitza nolakoa zen.
Hala ere, historia liburu kostunbristetan dokumentu historikoetan aurkitzen ez ditugun gertaerak gogora ekartzen dituzte; esaterako, Arno bezala haur batek pentsatzen zuena, duela ehun urte eskolara joaten zenean. Liburuak haurren ametsak, haien zalantzak, gustuak eta zaletasunak gogora ekartzen ditu. Horrez gain, haurren gurasoak ere gogora ekartzen ditu, izatea gustatuko litzaiekeen moduan eta haien seme-alabentzat etorkizunerako nahi zutena.
Gaur egun, iraganari buruzko liburuak idatz daitezke, noski, eta askotan,
zoragarriak dira. Baina, egiazki, gaur egungo egile batek ez du sentitzen iraganeko usainik, zaporerik, beldurrik eta gusturik. Badaki dagoeneko zer gertatu den, etorkizunak garaiko jendearentzat ezkutuan zuena.
Liburuek idatzita izan diren garaia gogora ekartzen dute.
Charles Dickensen eleberriei esker, haur batek XIX. mendearen erdialdean
Londresko kaleetako debekualdiari buruz zer iritzi zuen dakigu, Oliver Twist haietan ibiltzen zenean. David Copperfielden begietatik -Dickensen begi berak zirenak- XIX. mendearen erdialdean Ingalaterran bizi ziren mota guztietako pertsonak ere ikusten ditugu, haien arteko harremanak nolakoak ziren eta zein ziren oinarritzen ziren ideiak eta emozioak. David Copperfielde hein handi batean Charles Dickens denez, ez du ezer asmatu behar izan; izan ere, bazekien.
Liburuek Tom Sawyerrek, Huckleberry Finnek eta haren adiskidea zen Jimek XIX. mendearen bukaeran Mississippitik nabigatzean benetan sentitzen zutena azaltzen digute, Mark Twainek haren abenturak kontatzen zizkigunean: sakonean ezagutzen zuen garai hartako jendeak besteez zer pentsatzen zuen, haien artean bizi baitzen bera. Haietako bat zen.
Haren garaian idatzi diren literatura-lanak, orduko jendea oraindik bizirik zegoenean, iraganeko jendeari buruz benetan hitz egiten dutenak dira.
Aino Pervik
Mezua estatuko beste hizkuntzetan irakurri nahi baduzu, klikatu hemen
2010/09/06
Udaran irakurritakoak
- Xahmaran. Jon Arretxe
- Autokarabana. Fermin Etxegoien
- Heriotzarako jantzita. Donna Leon
- Loiolako hegiak. Imanol Murua Uria
- Viajes con Herodoto. Ryszard Kapuscinski
- Aurora boreal. Assa Larsson
- El caso Kurílov. Irène Némirovsky
Gehienak gustura irakurri ditut. Eta zuek zer irakurri duzue?
2010/03/26
2010/03/23
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna 2010
Hans Christian Andersenen jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu guztian. Aurtengo mezua Eliacer Cansinok idatzi du eta kartela Noemi Villamuzak egina da. Euskarazko itzulpena berriz, Nagore Tolosa Ustoarena da.Hau da aurtengo mezua:
ZAIN DUZU LIBURU BAT; BILA EZAZU!
Bazen behin
itsasontzi txiki-txiki bat,
nabigatzen ez zekiena,
nabigatu ezin zuena.
Bat, bi, hiru, lau,
bost, sei aste igaro ziren,
eta itsasontzi txiki hark
nabigatu egin zuen.
Jolasten lehenago ikasten da irakurtzen baino. Eta kantatzen. Herriko haurrok kantu hori kantatzen genuen artean gutariko inork irakurtzen jakin ez arren. Kalean bildu, biribilean jarri eta, udako kilkerren ahotsekin lehian, behin eta berriz kantatzen genuen nabigatzen ez zekien itsasontzi txiki haren ezintasuna. Batzuetan paperezko itsasontzi txikiak egiten genituen eta putzuetan jarri, eta itsasontzi txikiak urperatu egiten ziren itsasertzera iristea lortu baino lehen. Ni ere auzoko kaleetan ainguratutako itsasontzi txiki bat nintzen. Arratsaldeak teilatu-lauan ematen nituen eguzkia mendebaldean nola ezkutatzen zen begira, eta sumatzen nuen urrun (artean ez nekien espazioan urrun edo bihotzean urrun ote zen), nire begiek ikusten zutenaz haratago, mundu zoragarri bat zegoela. Etxeko armairu batean, kaxa batzuen atzean, bazen liburu bat ere nabigatu ezin zuena, inork ez baitzuen irakurtzen. Auskalo zenbat aldiz igaroko ote nintzen haren ondotik han zegoela konturatu gabe. Paperezko itsasontzia, ez atzera ez aurrera, lokatzetan; liburu bakartia, ezkutuan apaletako kartoizko kaxen atzean. Behin, nire eskuak, zerbaiten bila zebilela, liburuaren bizkarra ukitu zuen. Liburua izango banintz honela kontatuko nuke: “Behin, haur baten eskuak azala ukitu zidan, eta haize oihalak zabaltzen hasi zitzaizkidala eta nabigatzen hasi nintzela sentitu nuen”. Hura bai ezustekoa objektu hura begien aurrean nuelako azkenean! Liburu txiki bat zen paper ore gorriak eta urre koloreko filigranak zituena. Ikusminez ireki nuen, kutxa bat aurkitu eta barruan zer dagoen jakiteko irrikan dagoenak bezala. Eta ez zen gutxiagorako izan. Irakurtzen hasi bezain laster ohartu nintzen aurrez aurre nuela abentura: protagonistaren ausardia, pertsonaia onak, gaiztoak, behin eta berriz begiratzen nituen ilustrazioak orri oinetan esaldiak zituztenak, arriskua, ezustekoak…, guzti-guztiak mundu zirraragarri eta ezezagun batera eraman ninduen. Horrelaxe jakin nuen gure etxetik haratago ibai bat zegoela, eta ibaiaren atzean itsaso bat, eta itsasoan itsasontzi bat noiz itsasoratuko zain. Hartu nuen lehenengoak La Hispaniola zuen izena, baina berdin-berdin izango zen Nautilus, Rocinante, Simbad-en itsasontzia, Huckleberry-ren gabarra izan baziren ere,… Horiek guztiak, nahiz eta denborak aurrera egin, hor izango dira haurren baten begiek euren haize oihalak noiz zabalduko eta abiaraziko zain. Horixe ba… ez ezazu gehiago itxaron, luzatu eskua, hartu liburu bat, ireki, irakurri: ikusiko duzu, nire haurtzaroko kantuan bezala, ez dagoela laster batean nabigatzen ikasten ez duen itsasontzirik, txiki-txikia izanagatik ere.
Eliacer Cansino
Mezua estatuko beste hizkuntzetan irakurri nahi baduzu, klikatu hemen
2009/06/04
Oporretarako irakurketak
0-8 urtekoentzat
8-12 urtekoentzat
12-16 urtekoentzat
2009/03/31
Apirilak 2: Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna
Hani D. El-Masri margolariak egindako kartela eta idatzia hauek dira:

Ni naiz mundua, eta mundua ni naizzer nahi huraxe bainaiz
neure liburuaren bidez.
Hitzek eta irudiek, hitz lauz edo bertsotan,
gertura naramate, eta urrun aldi berean.
Sultanen eta urrearen lurraldean
milaka istorio daude ipuinetan:
alfonbra hegalariez, kriseilu
miresgarriez…
Jeinuek, demonioek eta sinbadek
beren sekretuak dizkiote Xerezaderi
Orrialde bakoitzean hitz bakoitzarekin
espazioan eta denboran zehar noa bidaian.
Eta fantasiaren hego gainean
dabil nire gogoa
lehorrean eta itsasoan.
Gehiago irakurri ahala, hobeto ulertzen dut
beti nagoela nire liburuarekin
konpainia onean
Beste hizkuntza batzuetan irakurri nahi baduzu, klikatu hemen
2008/06/10
Haur eta gazteentzako udarako irakurketa
Udara da irakurketarako denbora gehien duzuen urtaroa. Hau dela eta mota ezberdinetako liburuak erosi ditugu zuek irakur ditzazuen. Hauek dira adinaren arabera sailkatuta.
Haurrak (8-12 urte)
BubbleShare: Share photos - Powered by BubbleShare
Gazteak (+12 urte)
2008/04/04
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna 2008
Urtero bezala, Hans Christian Andersen idazlearen jaiotza ospatzeko IBBYk (International Board on Books for Young People) Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du apirilaren 2an. Aurten Tailandiari egokitu zaio egun hau iragartzeko egiten den kartel eta mezua idaztea, Chakrabhand Posayakrit artista izan delarik hautatua horretarako.Liburuek irakatsi egiten dute. Jakintzak gozamena ematen du
Irakurketaren bidez jakintza bilatzeak lehentasunezko tratua jaso behar du eta haurtzarotik sustatu behar den zerbait behar du izan.
Nire ustez, haur tailandiarrei, betidanik irakatsi zaie irakurketaren bitartez ezagutzeko desioa, eta irakurketa hau kultura eta tradizio batean oinarritu izan da. Gurasoak dira beraien lehenengo irakasleak, eta klerikoak, aholkulari nagusiak. Beraiek gidatu eta hezi dituzte haur txikienak bai intelektualki bai mentalki, hala munduko gaietan nolagai espiritualetan.
Horrela, koadro hau sortzeko, Tailandiako arbasoen ohituretan aurkitu nuen inspirazioa: haurrak hezteko ipuinak kontatzea, horretarako palmondo hostoetan idatziriko inskripzioak irakurraraziz. Palmondo hosto hauek, ondoren, esklusiboki gainean irakurri ahal izateko diseinatuta zeuden mahai txiki tolesgarri batzuetan ipintzen ziren.
Palmondo hostoetan idatzitako istorioek, orokorki, Budismoan izaten dute jatorria. Budaren bizitzaz eta jataken* istorioez mintzatu ohi dira, gazteen buruak jantzi eta beraiengan fedea, irudimena eta moraltasun zentzua sorrarazteko asmo zintzoarekin.
Chakrabhand Posayakrit
2006ko abenduaren 14a
*Tradizio budistak dioenez, jatakak Budaren aurreko bizitzetako pasarteak kontatzen dituzten istorioak dira. Istorio horietako protagonistak Budarena eta berarekin harremana duten beste pertsonaia batzuena egiten zuten gizakiak edo animaliak izan daitezke. Jataka batzuk animalia inteligenteen edo gizaki jakintsuen alegiak dira. Beste batzuk erreinu magikoetan bizi izan ziren heroien inguruko gauzak kontatzen dituzte. Eta beste batzuk antzinako poesiak dira edota brahmaneen eta ermitauen alegia sakratuak. Jatakak istorio liluragarriak dira.




