2008/04/04

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna 2008

Urtero bezala, Hans Christian Andersen idazlearen jaiotza ospatzeko IBBYk (International Board on Books for Young People) Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du apirilaren 2an. Aurten Tailandiari egokitu zaio egun hau iragartzeko egiten den kartel eta mezua idaztea, Chakrabhand Posayakrit artista izan delarik hautatua horretarako.

Liburuek irakatsi egiten dute. Jakintzak gozamena ematen du

Irakurketaren bidez jakintza bilatzeak lehentasunezko tratua jaso behar du eta haurtzarotik sustatu behar den zerbait behar du izan.
Nire ustez, haur tailandiarrei, betidanik irakatsi zaie irakurketaren bitartez ezagutzeko desioa, eta irakurketa hau kultura eta tradizio batean oinarritu izan da. Gurasoak dira beraien lehenengo irakasleak, eta klerikoak, aholkulari nagusiak. Beraiek gidatu eta hezi dituzte haur txikienak bai intelektualki bai mentalki, hala munduko gaietan nolagai espiritualetan.

Horrela, koadro hau sortzeko, Tailandiako arbasoen ohituretan aurkitu nuen inspirazioa: haurrak hezteko ipuinak kontatzea, horretarako palmondo hostoetan idatziriko inskripzioak irakurraraziz. Palmondo hosto hauek, ondoren, esklusiboki gainean irakurri ahal izateko diseinatuta zeuden mahai txiki tolesgarri batzuetan ipintzen ziren.

Palmondo hostoetan idatzitako istorioek, orokorki, Budismoan izaten dute jatorria. Budaren bizitzaz eta jataken* istorioez mintzatu ohi dira, gazteen buruak jantzi eta beraiengan fedea, irudimena eta moraltasun zentzua sorrarazteko asmo zintzoarekin.

Chakrabhand Posayakrit
2006ko abenduaren 14a

*Tradizio budistak dioenez, jatakak Budaren aurreko bizitzetako pasarteak kontatzen dituzten istorioak dira. Istorio horietako protagonistak Budarena eta berarekin harremana duten beste pertsonaia batzuena egiten zuten gizakiak edo animaliak izan daitezke. Jataka batzuk animalia inteligenteen edo gizaki jakintsuen alegiak dira. Beste batzuk erreinu magikoetan bizi izan ziren heroien inguruko gauzak kontatzen dituzte. Eta beste batzuk antzinako poesiak dira edota brahmaneen eta ermitauen alegia sakratuak. Jatakak istorio liluragarriak dira.

Kartel ofiziala ikusi nahi baduzue, klikatu hemen


No hay comentarios:

Publicar un comentario