2007/12/14

Haur eta gazteentzako liburu berriak

Urtero legez, haur eta gazteentzako liburu berriak erosi ditugu eguberrietarako. Hemen dituzue liburu horien azalak. Paperean nahi baduzue, liburutegian gida txiki bat prestatu dugu.

BubbleShare: Share photos - Delicious Christmas Recipes.

2007/12/11

Aldizkariak (2007ko abendua)

Hauek dira hilabete honetan liburutegira iritsi zaizkigun aldizkari batzuk. Zer gai lantzen dituzten jakin nahi baduzue, klikatu tituluan eta beraien interneteko helbidera joango zarete, baina aldizkariak irakurri nahi badituzue etorri liburutegira edo erosi.

2007/12/03

Rojos - John Reed

Izenburua: Rojos
Zuzendaria:Warren Beatty
Antzezleak: Warren Beatty, Diane Keaton, Jack Nicholson
Estatu Batuak, 1981

Benetako historia bat du oinarrian film honek: John Reed kazetari eta komunista iparramerikarra, Louise Bryant idazle feministarekin maitemindu zen Iraultza Errusiarra gertatu zen egunetan. Beraien gorabeherak kontatzen dizkigu film honek, betiere iraultzako egun gatazkatsuak erakusten dizkigularik.

Filmak 12 izendapen izan zituen 1981eko Oscar Sarietan eta 3 irabazi zituen.


John Reed (Portland, 1887-Moscu, 1920) Oregon estatuan jaio zen familia dirudun batean eta Harvard-eko Unibertsitate prestigiotsuan egin zituen kazetaritza ikasketak. Gerra korrespontsal bezala egin zen ezagun, XX. mende haserako gerra eta iraultza nagusienetan izan baitzen. Honela Mexicoko iraultza, Errusiako iraultza eta Lehenengo Munduko Gerratearen berri eman zuen, XX. mendeko historia ulertzeko ezinbesteko autorea bihurtuz. Politikan, Estatu Batuetako Lan Alderdi Komunista sortu zuen. Bera da Kremlinen ehortzirik dagoen amerikar bakarra. Bere lana ezagutzeko, liburutegian liburu hauek aurkituko dituzu:


2007/11/26

Zu bezain ahul

Karmele Jaio
Zu bezain ahul
Elkar

Ipuingintzara itzuli da Karmele Jaio, eleberrietan ere bere trebezia erakutsi ondoren. Hamabost istorio dakarzkigu orain, kontakizun zuzen eta iradokorren bitartez, amodioaren ahulguneak nabarmenduz; arlo horretan nor ez da ahula baina? (Liburuaren kontrazaletik hartutako testoa)

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) kazetaria da ikasketaz eta lanbidez. Hamabost zauri (2004) eta Amaren eskuak (2006) kaleratu ditu orain arte.

Liburu honetaz hemerotekan aurkitu dudana hau da:


2007/11/19

La gran final

La gran final
Zuzendaria: Gerardo Olivares
Antzezleak: Atibou Aboubacar, Mahamadou Alzouma, Ahmed Alansar, Kenshleg Alen Khan, Abu Aldanish, Tano Alansar, Shag Humar Khan
Espainia-Alemania, 2006

Hiru istorio ezberdinen bidez , elkarrengatik urruti bizi diren eta 2002ko Munduko Futbol Txapelketako finala ikusi nahi duten gizaki batzuen gorabeherak kontatzen dizkigu komedia honek. Mongoliako nomada sendi bat, Saharako basamortuko gameluzain karabana bat eta Amazoniako indio talde bat dira filmaren protagonistak. Denek partida ikusi nahi dute telebistaz eta izugarrizko arazoak dituzte hori lortzeko. Hala ere, borondate eta trebetasun handiz arazo horiek gainditzeko gai izango dira.

Hau da filmaren trailerra



2007/11/12

Los combates cotidianos

Los combates cotidianos
Manu Larcenet

Norma Editorial
Komiki honetako protagonista Marco da, bere sendia eta hiria utzi eta herri txiki batera joan den argazkilaria. Marcok bakardadeari eta bere arazoei aurre egin beharko die: paniko atakeei, bere aitaren gaixotasunari, lan egiteko gogo gutxiari, bikotea bilatzeko zailtasunei … hitz gutxitan esanda, gaurko gizarteko arazo ohikoenei.

Komiki xume honek 2004ko Angoulemeko Komiki Jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen.

2007/11/05

Sexty Sexers. Urkamendi blues

Sexty Sexers
Urkamendi Blues
Gaztelupeko Hotsak

2001ean sortu zen musika taldea Beran, Nafarroan. 2006ko otsailean lehen disko luzea kaleratu zuten “Iluntze berri baten bila” izenekoa. “Urkamendi blues” beraien bigarren diskoa da. 70. hamarkadako musikan (The Cult, Black Sabbath ...) eta hard-rockean (Hellacopters, Turbonegro ...) oinarritutako musika egiten dute, gitarrak eta erritmo indartsuak nabarmentzen direlarik.

Talde honetaz informazio gehiago nahi baduzu, irudian klikatu eta “EITB kultura” saioak taldeari eskainitako erreportaia ikusiko duzu.


2007/10/26

Ibarra

Azken urtean herriko elkarte batzuk (Xepla eta Alurrek) beraien historiaren berri ematen duten liburuak argitaratu dituzte. Honek herriari buruz dugun bilduma handitzeko balio izan du, liburutegian Ibarrari buruzko liburu hauez gain beste batzuk baititugu. Baita ere CD eta DVDak.



Iñaki Linazasoro
Ibarra: Todo un pueblo = Erabateko herria
Ibarrako Udala, 1997

Ibarrako deskribapen orokor bat egiten du, gai asko jorratuz: toponimia, geografia, historia, pertsonaiak ...





Juan Garmendia Larrañaga
La ferrería Azkue La Nueva o Pertzola
Lan Kide Aurrezkia, 1988

Gipuzkoako Agiritegian aurkitzen den agiri bati esker, 1551 urtean Azkue baserrian burdinola bat bazegoela badakigu. Liburu honetan burdinola honi buruzko dokumentuak, erabilitako teknikak ... azaltzen zaizkigu.




Sabino Alijostes
San Joanetako Estropadak: Ibarra, 1947-1988
Aitzeta, 2002

Ibartarrek zaletasun handia izan dutela estropadetara argi gelditzen da liburu honetan. Tolosako San Joanetako estropadetan ibarrako batelek izandako partehartzea azaltzen digu Sabinok, baita ere Donostiako Kontxan izandakoa ere.




Emeterio Sorazu
Ibarra : El caminar de la Comunidad de San bartolomé : manuscritos - documentos, S. XIV-XXI
2004

Ibarrako San Bartolome parrokiaren historia, arkitektura, antolaketa ... eskuizkribu eta agiri bitartez.






Xantos Agirrezabala, Xabino Alijostes
Xepla S.K.E.: 25 urteurrena, 1980-2005
Xepla, 2006

Xantos eta Sabinok Xepla Elkartearen historia kontatzen digute: sorrera, bazkideak, kirolak ...




Eli Nosellas
Alurr
Alurr, 2007

Hemen ere elkartearen, Alurr Dantza Taldearen, historia da liburuaren gai nagusia.




Eneko Aritza : (Orreagako Guda)

Mairu Ikastegi Herritarra, 2003

Ibarrako Eneko Aritzaren Lagunak Kultur Elkartearen lehen fruitua izan zen Eneko Aritza pertsonaiari buruzko fikziozko laburmetrai hau. Gogoratu orain film luze bat egiten ari direla (Sua).



Ibarra
Galdare, Comunicación Audiovisual, 2006

Ibarraren deskribapen bat da hau ere, baina DVD formatuan. Bertan herriko ohiturak, paisaiak ... agertzen zaizkigu.





Ibarrak merezi du!
Ibarrako Udala, 2002

"
Ibarrak merezi du! 1802-2002” lemapean Ibarra herri bihurtu zeneko bigarren mendeurrena ospatu zenean, herriko ondarea ezagutatarazteko CD hau argitaratu zen Ibarrako abesti esanguratsuenekin.