Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon
Elkar
Familiaren oporretako etxean bildu dira berriro anai-arrebak jada 
helduak direnean, baina hor daude oraindik min zaharrak; etxebizitza 
erosi du azkenean emakume gazte batek, modu onean gainera, baina han 
bizi den agurea bertan geratzekotan; berrogei urte betetzean, gaztetan 
hegoalderantz egindako bidaia berregitea erabaki dute lau lagunek; aita 
dibortziatuak alaba hartu du astebururako, eta bere txikitako jolasak 
erakutsi nahi dizkio; ama zahar eta alargunduak berriz ezkontzea erabaki
 du… Era askotakoak dira hamalau istorio hauetako protagonistak: gazte, heldu
 eta zaharrak, baina denetan nabari da halako sentipen asegaitz bat, 
denbora igaro arren munduan norberaren lekua aurkitu ezin bat, noizbait 
izandako nahi eta ametsak bete gabe geratuko diren konbentzimendua, 
nostalgian goxatzen ez den desolazioa. Begirada zorrotz eta idazkera 
zehatz baten jabe da Ana Malagon, eta dohain horiek egiten dute egungo 
gizarte zatikatu eta kontraesankor honen berriemaile aparta, bere 
tristezian ere distiratsua.

No hay comentarios:
Publicar un comentario