Haserre eta aztoratuta gaude. Kontua hasi zen espainiar prentsak («El  Mundo», «La Razón») argitaratu zuenean Euskadiko zenbait liburutegitan  Xabier Makazagaren «Manual del torturador español» liburua zegoela  (Txalaparta, 2009). Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak galdera bat  egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Kulturako sailburuari zuzendua, liburu  hori Euskadin zenbat liburutegik zuten jakinaraz zezan. Gaiak okerrera  egin zuen Basauriko PSEko alkateak, Loly de Juanek, liburua  udal-liburutegitik kentzeko agindu zuenean. Afera horren aurka berehala  erantzun zuten, publikoki, hala argitaletxeko zuzendari Jose Mari  Esparzak nola liburuaren egile Xabier Makazagak.
 Liburuzainok kezkatuta gaude zentsura-kasu honengatik, eta salatu  egin nahi dugu, adierazpen honen bitartez, aurrerantzean politikoak arlo  profesionaletan sar ez daitezen. Amaierarik gabeko zerrenda egin  genezake legeekin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin,  Unescoren adierazpenekin eta liburuzainen elkarteen (Aldee, Joana  Albret, Asnabi) eta nazioarteko antolakundeen agiriekin, eta denetan  baieztatzen eta bermatzen da «Gizabanako guztiek dutela iritzi- eta  adierazpen-askatasuna eta eskubide horrek barne hartzen duela erlijioa  eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork  ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak  mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa».  Liburutegi publikoetako funtsek eta zerbitzuek «ez dute inongo zentsura  ideologiko, politiko edo erlijiosori loturik egon behar, ezta presio  komertzialei ere», eta egunkari osoak bete genitzake baieztapen horiek  babesten dituzten orrialdeekin.
 Baina zertarako? Hori guztia idatzita dago jada eta, agerian uzteaz  gain, lotsagarri uzten ditu proposatzen dutena ere egiteko gauza ez  diren horiek adierazpen honen amaieran, liburuzainok liburutegi  publikoen aldeko aldarria egin nahi dugu, bertan zentsurazko jarrerek ez  baitute lekurik, askatasunaren eta aniztasunaren esparru direnez gero.  Asnabiko (Nafarroako Liburuzainen Elkartea) adierazpenak zioen moduan:  «Ezinbestekoak diren zainketen artean liburutegi publikoen ezaugarrien  hausnarketa egitea da». Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna:  «Hiritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira  horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso  ehun berezi batez eginak dira, sal-erosgai ez den ehun batez eginak.  Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe eta ez da  sekula ehun zentsuratzaile izanen. Horren iragazkor izatean eta bere  bukaezinezko zabaltasunean datza bere handitasuna».
104 euskal liburuzainen izenean