Damutzen ez direnak
Itxaso Araque Barriuso
Elkar
Stuartek goi-mailako postu bat du Goldman Sachs inbertsio bankuan, 
betiko neska-lagunak utzi zuenetik bere bizitza pertsonala hutsaren 
hurrengoa bada ere. Andreasek Bauhaus berri bat egin nahi zuen ikaslea 
zela, arkitektura sozialago bat, eta orain luxuzko hotelak diseinatu 
beharrak halako erresumin bat sortzen dio. Naroak ez daki mutilarekin 
segitu nahi duen, beronen familiari politikak dakarzkion onurak gozatuz,
 ala idazle batek pizten dion kilika intelektual eta sentsualera 
makurtu. Londres, Berlin, Milan. Hiru hiri, hiru pertsonaia, hiru 
istorio. Hogeita hamar urte inguruan dabiltza protagonistak, eta, 
oraindik gazte izan arren, galdua dute garai bateko xalotasuna, agian 
baita garai bateko ametsak ere. Ahots berri bat dakar gure letretara 
Itxaso Araquek bere lehen eleberrian, hainbat gai eta kezka planteatzeaz
 batera: harreman pertsonalen ezina, hirien gentrifikazioa, ustelkeria 
politikoa, norbere irudiaren eta errealitatearen arteko talka…
